Dantza askea herrietako erromerietatik dator. Erromeria horietan jendeak ondo pasatzeko dantza egiten zuen eta bikoteek euren trebetasuna eta abilezia erakusten zuten. Txapelketetan ordea, erromerietan ez bezala, teknika handiz dantzatzen da. Garaiak aldatu dira dantzarien teknikarekin batera. Lehen espazio txikiagoan egiten zen dantza, pausoak eta mugimenduak txikiagoak eta laburragoak ziren baina agian dantza airosoagoa eta biziagoa zen. Gaur dantza egiteko teknika zehatzagoa da, hankei eta besoei dagokienez batik bat, ondorioz, alderdi espresiboak baztertuak geldituz, esaterako, keinuak, xirriak, kriskitinak, ...
Txapelketa honen benetako protagonistak dantzariak dira, gehienak gipuzkoarrak izaten dira gainera. Horren arrazoia, lehiaketa mota hau Gipuzkoan sustraitua dagoelako da eta lehiaketa gehienak bertan ospatzen dira, 40 bat urtean. Bizkaian 5-6, Araban 3-4, Nafarroan 2-3 eta ezer gutxi Iparraldean.
1977. urtean, Seguran ospatu zen lehen aldiz Euskal Herriko Dantza Askatuko edo Solteko Txapelketa. Orduan Alkate Guillermo Areizaga zen. 1981ean Segurako Udalak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari betirako Seguran ospa zedin eskaria luzatu zion ondorioz hala izanik.
Horrelako ekitaldi bati hasera ematea zaila izango bazen ere, ondorengo urte guzti hauetan maila bikainean irautea eta mantentzea zer esanik ez. Horrela bada, bene-benetan eskertzekoa da, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak, Euskal Telebistak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kutxak, Eroski Bidaiak agentziak, dantzariek eta lehiaketaren inguruan lana egiten duten guztien ekarpena.
Udalak, txapelketak 25. urteurrena egin zuenean, “Euskal Herriko Dantza Txapelketa 1977-2001” izenburupean liburuxka bat kaleratu zuen. Bestalde, dantza txapelketaren 30. urteurrenean egindako dokumentala ikusgai duzue hemen. Protagonisten eta ETBren laguntzan egina.
Udalaren Sari Nagusia NESTOR BASTERRETXEAren eskultura lanak irudikatu izan du 2019 arte. Sari hau, lehenengo sailkatutako bikoteak ordezkatzen duen Udaletxean gordetzen da hurrengo txapelketa egin arte. Bikote irabazleak ordezkatzen duen Udala sariaren jabe egingo da baldin eta bikote horrek bost urteren buruan hiru aldiz txapelketa hau irabazten badu. Ez dira asko ohore hori izan duten bikoteak:
1981-82-83: Joxe Joan Ugalde eta Lurdes Esnaola (Lezo)
1989-90-91: Antton Mendizabal eta Amaia Illarreta (Donostia)
1992-93-94: Edu Murumendiaraz eta Amaia Agirre (Bergara)
1998-99-2000: Kimetz Larrañaga eta Eneritz Epelde (Azkoitia)
2002-03-04: Parrondo Anai Arrebak (Hernani)
2005-06-07: Azpitarte Anai Arrebak (Azkoitia)
2016-17-18: Xabier Artola eta Idoia Besada (Irura)
2019tik aurrera, Aitor Ruiz De Eginoren eskultura dago garaikur modura.