(Segura, 1740.01.05 – Mutiloa, 1824.02.23)

Seguran latinitatea ikasi ondoren, Madrilera joan zen. Han, osaba Jose Enatarriagarekin bizi izan zen, Oñatiko kondearen artxibozaina; eta Filosofia eta Teologia ikasi zuen. 1762an “prima tonsura” hartu zuen, eta 1764an apaiztu zen. Bere lehen destinua, eta bakarra —nahiz eta aukeran izan zituen beste batzuk—, Mutiloa izan zen. 61 urtean egin zuen lan bertan, parrokiako benefiziodun gisa, harik eta hil zen arte.

Euskaltzale handia izan zen, eta Historiarako utzi duen ekarpenik garrantzitsuena literaturara mugatzen da, hain zuzen, 1805ean idatzitako obra: Cristau Doctriña Guztiaren Esplicacioaren Sayaquera. Kristau ikasbidearen euskarazko azalpena da, galde-erantzun itxuran emanda, eta Tolosan argitaratu zen lehen aldiz 1858an.