Maria Asuncion (Bilbo, 1900.08.14) eta Maria Mercedes (Donostia, 1907.11.07), ahizpak, “Herriko Alabak”.

Segurako ongile familia handi bateko ondorengoak. Beraien guraso Juan Maria Cornelio Alustiza (Segurako Lardizabal jauregian jaioa, 1862.09.15)1 eta Carmen Ugartek berreskuratu zuten donazio bidez, besteren artean, herriko armarri zaharra, norbaitek eramana baitzen Santa Maria elizatik aurreko organoa, altzari eta guzti, saldu zenean.

Aitaren aldeko haien aitona Braulio Alustiza (Seguran jaioa, 1831.03.262) ere nabarmendu zen donazioengatik. Hala, 1877an Bordelen enkargatu zuen, orduko erretore Prudencio Arrietaren baimenarekin, parrokiarako argi armiarma, eta bere emazte Inocencia Domercq Frantzian bizi zenari eta anaia "Pepe"-ri gomendatu zien osagarriak gehitzeko, taxu hobea eta forma obal estilizatuagoa izateko. Inocencia bera gainean egon zen armiarmaren konponketa lanetan eta aurrerapenen berri zehatza eman zion Prudencio Arrietari3. Bere eskuzabaltasunaren adibide gisa, Braulio Alustizak parrokiako koruko aulkiak ere ordaindu zituen eta, 1878an, Esteban Zurbanorekin batera, elizako atari neoklasikoa, Ama Birjinaren Koroatzeari eskainia .

Ahizpok esku hartu dute —eta horretan jarraitzen dute neurri handi batean—, Seguraren aurrerapenean, eta lur sailak eman dituzte kirol instalazioak eta eskolak egiteko. Baita dirua ere parrokiako beharretarako, eta, esker onaren erakusgarri, Udalak, Herriko Alabatzat hartu ondoren 1998ko abuztuaren 15ean, plaka oroigarri bat eman zien "Segurako herriaren alde egin duten guztiagatik" .